XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Andereño titulugabeak Donostiako Kontseilaritzan sarturik.

DONOSTIA (EGIN).- Atzo arratsaldeko zazpiak aldera Donostiako Hezkuntza Kontseilaritzan sartu ziren andereño titulugabeak.

Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroatik etorriak ziren, protesta honen bidez dituzten arazorik larrienak lau haizetara zabaltzeko.

Zazpiak aldera 200en bat ziren bildu ziren andereñoak, eta gehiago etortzekotan zirenak.

Gaur goizean prentsaurrekoa emango dute eta honenbestez bukatuko dute ekintza, aurrean duten burrukarako Federakuntza, sindikatu, elkarte eta parlamentarien laguntza eskatuz.

Ekintza honi begira argitara eman duten komunikatuan diotenez, egoera arras berezia da andereño titulugabeena eta soluzioak ere halakoak izan behar dute, bereziak.

Andereño hauetako batzuek EGINi adierazi diotenez, 300en bat dira lau probintzietan titulurik gabe ikastoletan lanean ari direnak.

Azken bi urteotan Bergarako UNEDen hasia den esperientziak, magisterio titulua ateratzeko eratu diren kurtsoek ez diote arazoari osoki begiratzen.

Ez dugu soluzio indibidualik nahi, zioten.

Denori zor zaigu soluzio tajuzko bat eta Bergarako kurtsoek gutxi batzuei eskaintzen diete titulua ateratzeko bidea.

Akzesoko azterketen kontra.

Dugun esperientzia praktikoa eta urteetan zehar egin ditugun ikastaroak kontutan izanik, zuzenean magisterio egiten hastea eskatzen dugu, zioten.

Akzesoko azterketak arras selektiboak dira eta hirurehun hauetatik asko ikasteko biderik gabe geratzen dira.

Beren egoera larriari buru egiteko batera eta bestera saiatu dira andereño titulugabeak.

Instantzia ofizialetan ateak jo dituzte.

Hitz politak bai baina, soluziorik ez digute eskaintzen, zioten Magisterio egin nahi dute baina, guztiek egiteko posibilitatea nahi dute.

Eskakizun honen atzetik bildu dira orain kontseilaritzan.

Bestalde, estatu mailan lege organikoak eztabaidatzen ari dira hezkuntza lege berrien bidez egituratzeko.

Momentu egokia deritzaigu, guztiok bat harturik premiazkoa dugun bide hau irekitzeko, zioten.

Estatu mailan bestalde, eskolaurreko maistra maisu asko dira titulurik gabe lanean aritu direnak, hala beharrak eraginda: Hauei ere bideren bat eskaini behar zaie.

Lehen beharrezkoak ginen, orain ez.

Ikastolak ireki zirenean, andereño hauek izan ziren orduen eta lanaren poderioz gaurko ikastetxe sendoak posible egin zituztenak. Soldatarik eskasenen truke, lan kondizio txarrenetan lan eginez, pasa dituzte urteak eta orain bazterrera utzi nahi dira.

Mila arazo larri dituzte eskuartean eta kontseilaritzan egingo dituzten ordu luzeetan gogor saiatuko dira gaiok jorratzen.

Euskara irakasleak huelgan.

Herenegun sartu ziren Bizkaiko euskara irakasleak Bilboko Hezketa Ordezkaritzan eta egonaldia egin ondoren asanblada bat egin zuten.

Atzo berriro batzarre baten ostean Diputazioko presidentearengana jo zuten, Bilboko kaleetan zehar ibilaldia egin ondoren.

Bestalde, STEE-EILAS sindikatuak Gasteizen burutu duen Euskadiko Kontseilu Konfederalak laguntza guztia eskaini die maisu hauei. Azkenik Gipuzkoako idoneao guztiek bilera bat egingo dute datorren astelehenean Donostiako Aurrezki Kutxa Probintzialean, goizeko hamarretan, Bizkaikoekin batera huelgara jotzea erabaki baitute.